ESPATULAK Holandan

Pakea Bizkaiko hainbat kide, urriaren 6an Holanda iparraldeko Harlingen herrian Otto Overdijk-ekin elkartu ziren, Espatula hegaztiaren inguruan hitzegiteko.

Pakea Bizkaiko hainbat kide, urriaren 6an Holanda iparraldeko Harlingen herrian Otto Overdijk-ekin elkartu ziren, Espatula hegaztiaren inguruan hitzegiteko. Otto, Wadden Itsasoko zonaldeko (Holanda iparraldeko) naturaren arduraduna izanik, “Natuurmonumenten” ONG taldearen kide eta Espatula Talde Internazionalaren kide, lan izugarria egin du bioaniztasunaren kontserbazioan eta batez ere, Espatula hegaztiaren inguruan.

Ottok urte asko daramatza Holandako Espatulen jarraipena egiten eta esan daiteke Europan dagoen espezialista garrantzitsuenetarikoa dela. Neguan Afrikara migratzen duen hegazti bat denez, oso ongi ezagutzen du ere haraino iristeko egin behar duten ibilbidea eta geldialdiak. Afrikara iritsi aurretik aisetzeko eta elikatzeko erabiltzen duten geldialdietako batzuk Euskal Herrian aurkitzen dira, Urdaibain, Salburuan, Txingudin…

 

Horregatik, Pakea Bizkaia taldekideei oso interesgarria iruditu zitzaien espezie honen eta beronen berreskurapenaren inguruko informazioa jasotzea, oso garrantzitsua baita Holandan horren ongi zaindu duten txori hau, beste lurraldeetan ere ongi zaintzea. 

Espatula txoriak bere mokoagatik hartzen du izen hau, bere moko luzexkak espatula tresnaren itxura hartzen baitu, moko estu eta luzea eta amaieran goilararen formarekin. Itxura hau, mokoa uretan sartu eta hare artean beraien elikadura lortzeko da.

Duela 30-40 bat urte Holandan, nekazariek erabiltzen zituzten produktu kimikoengatik ura nahiko kutsatu zen, eta ondorioz espatulak asko murriztu ziren. Gaur egun, urte horietan aurkitzen zirenen kopurua 20 bider hazi da, beraz, desagertzeko zorian zegoen espeziea piskanaka piskanaka berreskuratzea lortu da. Horretarako, ingurugiroa zaintzeko derrigorrezko neurri batzuk ezarri ziren, besteen artean, pestizidak debekatu ziren, eta hegaztien kabiak babestu zituzten pertsonen sarrera debekatuz.

Honelako neurriekin eta Otto bezalako pertsona edo taldeekin, Holandan berreskurapen oso garrantzitsua lortu zen, baina txori migratzaile batentzako ezinbestekoa da kabia egiten duen zonaldean babesteaz gain, nazioarteko lana burutzea, eta horregatik eratu zen Espatularen nazioarteko taldea.

Hegaztien jarraipena egiteko sistema unibertsal bat erabiltzen da, eraztun batzuk ezartzen zaizkie hanketan eta bertan matrikula moduko kodigoak idazten dira, jatorria eta norberaren zenbakiarekin. Honela, txori hori beste nonbaiten behatu ezkero bere historiala osatzen joango da, eta hobe babestu ahal izango dira. Holandan 1982az geroztik 6500 eraztun ezarri zaizkie espatulei, beraz, oso lan garrantzitsua egin da.

Espatulak bi hilabeterekin hasten dira Afrikaruntz migratzen, 8 egunetan 2020 km adina eginez, eta lurralde beroagoetara iristean 4 urtez egoten dira bertan. Helduak direnean iparralderuntz, Holandaraino, mugitzen dira kumeak izateko, eta iraila inguruan, hegoaldera jeisten hasten dira.

Elikadurarik ez faltatzeko ibilbidean ur zonaldeetatik joaten dira, kostaldetik, ubideetatik, ibaietatik… Bertako elektrizitate lineekin hegazti asko hiltzen dira, heriotz ez naturalaren arrazoi nagusienetako bat hau izanik, eta beste bat ehiza furtiboa. Beraz, herrialde guztien artean, bai instituzionalki bai norbanakoaren erabakiagatik esfortzu handi bat egin behar da, bai espatula bai beste edozein hegazti berreskuratzeko, honelako edertasunak desagertu ezkero ez direlako berriz jaioko.