Baleen SOINUA II

Gaur Ocean Sounds-eko Heikerekin pasa dugun bigarren eguna izan da, atzo zetazeoek igortzen duten soinuen inguruko bere ikerketa-lanak zertan datzan kontatu ondoren gaur bere ontzian atera gara begiztatze edo animali hauen hizkuntzaren soinuren bat entzun ahal izateko.

Txangoan ezusteko bat izan dugu, neumatikan ateratzeko prest geundenean, Heike motorreko kableak mozturik zeudela konturatu delako. Behin baino gehiagotan saiatu dira bere ikerketak saboteatzen ontzia zulatuz edo motorra  izorratuz, eta gaur ez zaigu inongo zalantzarik geratu nahita egin dutela. Ez dezagun ahaztu Heike eta bere lana ez daudela positiboki baloratuak, Noruegak baleen arrantza onartzen duelako eta zonalde honetan badaudelako negozio honetan dabiltzan itsasontziak. Gainera, Lofoten irletan, badaude turistentzat zetazeoak begiztatzeko “safariak” antolatzen dituzten enpresak. Enpresa hauek Ocean Soundsen ikerketarako datuak eskeini ditzakete, baina hau egin beharrean guztiz kontrakoa egiten dute “etsaitzat” edo konpetentziatzat daukatelako.

Hainbat hipotesi bota eta gero, mekanikoak esan du ez zela sabotaia eta ordu batzuetan konpondu du, eta honela Itsasora atera gara hidrofonoa nola erabiltzen den konprobatzera. Aparatu honekin, 60 miletara (100 km) aurki daitezkeen urazpiko soinuak jaso daitezke, bale eta izurdeen “hitzak” edo “abestiak” entzunez. Batzuetan zaila egiten da horren urrun dauden soinuak entzutea, inguruan dabiltzan itsasontzien motorrak entzuten direlako, gaurko kasuan bezala. Ontzien trafikoa dela eta, gaur ezin izan ditugu normalean entzun daitezkeen inguruko baleak entzun.

Lau Marsopa (Phocoena phocoena) ikusi ditugun zonalde batetara mugitu gara, bi ama beraien bi kumeekin ziren. Helduek 1,50 eta 2 metro bitartean neurtzen dute, eta saltatzean uretatik guztiz ez atera arren, urgainazaletik igeri egitean gorputz osoa ikus daiteke. Izurde gehienak baino azkoz lotsatiagoak dira, eta horregatik ez dira horrenbeste gerturatzen itsasontzietara.

Heikek kontatu digu espezie hau ez dela beste zetazeo batzuk bezain soziala, eta hori dela eta bakarrik edo talde txikietan aurki daitezke. Honen eraginez gutxi edo ia ezer ez dira elkar komunikatzen, ez dutelako talde handietan bizi diren espezieak adina gauza esatekorik.

Kostaldean bizi dira eta begiztatzea zaila izan arren Bizkaiko Golkoan ere aurki daitezke. Beraien abiadura edo saltoak ez dira esanguratsuak, oso astiro igeri egiten dutelako eta ur barnean sartzen diren aldiro, minutu batzuetarako sartzen direlako uretan . Ez da erraza putz egiten daudela ikustea baina entzutea posible da, doministiku txiki baten moduan entzuten delarik.

Informazio gehiago: www.ocean-sounds.com eta www.gabi-reichert.de