Itsasontzi barruko OSASUNA

Itsasontzi barruko osasuna mimoekin zaindu dugun gai bat da, mugituko garen ingurune eta latitudeen kausa. Nabigazioak suposatzen digun isolamendua dela eta, botikin potente bat daramagu gurekin, sortzen diren lehen sorospenak arrakastaz konpontzeko.

Eskertu beharra dugu, eta horrela egiten dut talde guztiaren izenean, Oleaga Doktoreari, Mutualiak Bilbon duen Ercilla klinikako medikuetako bat dena, nabigazioan jakin beharreko lehen sorospenen inguruko kurtsilo bikain bat emateagatik, eta era berean, Mutualiari horren botikin osatuaz hornitzeagatik.

PAKEA BIZKAIAn bi botikin ditugu, bata eskukoa larritasun kasuetarako, zauriak zaintzeko (antiseptiko eta suturak burutzeko materialarekin), erredurak (1. eta 2. graduko  erredurak sendatzeko) traumatismoak (benda itsaskorrekin eta elastikoekin, hausturentzako ortesiak) eta KardioBirikaErreanimazioa burutzeko ezinbestekoak diren materialak, desfibriladore bat barne. Bestalde, badugu botikin biltegi bat larriak ez diren kasuak sendatzeko materialarekin, bertan antibiotikoak, arazo gastrikoak eta dermatologikoak osatzeko medikazioa, bendajeak, arazo naso-oro-faringeak sendatzeko, etab.

Momentuz, eta espero dugu espedizioko anekdota izatea, ez ditugu larritasun handiko istripuak izan, soilik ebaki txiki bat oso ongi sendatu dena aproximazio puntu sinple batzuekin eta antiseptiko piska batekin.